viernes, 26 de noviembre de 2010

Gure Hiriak Beste Era Batean Begiratzeko...

Egia da, behin ikasketa hauetan sartzen zarenean, desberdin hasten zarela zure hiria eta beste guztiak begiratzen. Zinean ere, hau erakusteko gogoa azaldu izan da; hona hemen duela gutxi kaleratu den beste arkitekturari (gure arkitekturari) buruzko lan bat.

Dokumentalaren aurkezpenari buruzko notizia

miércoles, 24 de noviembre de 2010

Eko, bio, jasangarri...baina, arkitektura?

Zer da Eko arkitektura? Zertaz ari gara arkitektura bioklimatikoa edota eraikin ekologikoak aipatzen ditugunean? Gaur egunean ofizioa hain egoera zailean dagoen honetan, berritzailea izatea ezinbestekoa dela uste dut, eta hitz guzti hauen norakoa hildo horretan ulertzen dut nik. Hala ere, lehenik eta behin, hainbat hiztegi eta interneten topatutako esanahi edo azalpenak kontuan izatea garrantzitsua iruditzen zait. Esan beharra dago, informazioa ugaria izan arren, nik atera dudan emaitza, izen desberdinez gauza oso antzerakoak esaten direla da, horregatik, guztia bildu eta termino bakar bat bezala adieraziko dut. Horrela, bai arkitektura bioklimatikoa, bai arkitektura sosteniblea, baita bioeraikuntza aipatzean, zera esan daiteke:

-Baldintza klimatikoen araberako diseinu eta eraikuntza bat egitea. Inguruan dauden errekurtso naturalak aprobetxatuz ingurugiroarekiko inpaktua murrizteko eta baita energia kontsumoa gutxitzeko ere. Eraikin hauetan asko aurreztu daiteke, bere osotasunean jasangarria izatera iritsi arte.

-Gaur egun, ez dago ez eraikuntza bioklimatikorik ezta ingurugiroarekiko errespeturik ere. Lehenengo gauza, hain ohikoa ez izatean, eraikitze kostua oraindik oso altua delako izan daiteke. Bigarrena, aldiz, orain arte errekurtso guztiak erreparorik gabe erabili izan direlako da, baina hasi gara konturatzen ez direla iturri amaigabeak.

Garapen jasangarriaren 3 printzipioak, honakoak dira:
1-materialen bizi zikloaren analisia
2-energia berriztagarri eta lehengaien erabilera
3-errekurtso naturalak lortzeko erabilitako material eta energiaren murrizketa, hauen explotazioa edota hondakinen birziklaketa.

Horregatik, eraikuntzarako materialak erabiltzean efikazia eta kontua izan behar da, barne energia gutxidunak azpimarratuz. Bestetik, birziklatu daitezkeen materialak, gutxi kontaminatzen dutenak edota barnean berrerabili daitezkeen materiak daramatzatenak erabili. Eta ekidin, energia gehien dituztenak: aluminioa, neoprenoa, margo eta barniz sintetikoak, poliestirenoa, kobrea, poliuretanoak, polipropenoak eta PVCa.

Hala ere, eta gai berriak edota gaur egun asmatutakoak iruditzen zaizkigun arren, aspaldiko eraikuntzan bazekiten hau nola manejatu eta etekina nondik atera. Horren adibide dira: kareztatutako Andaluziako etxeak, Ipar Hemisferioan Hegoalderantz orientatutako estalkiak, inguru ruralari ongi egokitutako etxetxo edo baserriak...hauek bazekiten nola erabili behe oineko ikuilua urtaroaren arabera!

    

Honek argi uzten du tenperaturarekiko adaptazioaren garrantzia. Ohikoena, eguzki energia ahalik eta gehien aprobetxatzea da, eta baita beirateek sortzen duten negutegi efektua ere.

Naturatik datozen faktoreak erabiltzearekin lotuta, energia berriztagarriak erabiltzea dator: kontsumo guztia eraikin berean sortua izateko eta kontamina ez dezan. Horien artean, eta erabilienak, aurkitzen dira energia fotoboltaikoa, eguzkiarena edota geotermikoa.


Etxe honen adibidea, teknika barietate eta teknologiari esker energiaren erabilera txikia lortzeko.

Lehen aipatu den klimaren azterketarekin lotua, eraikinaren lekutzea ere garrantzizkoa da. Izan ere, badirudi naturaren erdian egoteagatik “ekologikoagoa”dela, baina kasu askotan guztiz kontrakoa da. Isolaturik egotean, ez dago ia azpiegiturarik, eta guzti hori bertaraino garraiatzeak kostu eta gas isurketa ez beharrezkoak sorrarazten ditu.




Beraz, bioeraikuntzan erabiltzea posible izango lirateke:
Lastoz, belarrez... eratutako blokeak, zenbait kasutan buztin edota karez estaliak
Zuntz kalamua
Zurak
Buztin eta adobeak

        
 
  Oraingo proiektuan tailer edo ekoizpen lanetan zentratu behar garenez, ongi legoke konturatzea lanbide asko eta asko ezin direla edozein tokitan kokatu, ekintzarako dituzten aurrebaldintzengatik. Ondorengo adibideotan argiago ulertuko da.

Upeltegi edo bodega batek, adibidez, ardoa ekoitzi eta biltzeko ardura du, eta horretarako baldintza egoki eta zehat batzuk behar dira. Ardoa kupeletan gordeta egon behar da zahartu dadin, eta honen kalitatea, upelen material, bentilazio, hezetasunaren...araberakoa izango da.

Azkenaldiko upeltegiak grabitatearen arabera eraikiak dira; horrela, mahatsa alde altuenetik sartuko da eraikinera, eta produktua eratuz joango da behera doan heinean. Azkenik, eta alderik baxuenean, bilketa egingo da.



Gatzagetan, ur gazia lurruntzen utzi behar da gatza soilik lortzeko, hau lehortu eta salmentarako batu ahal izateko. 2 motatakoak daude: kostakoak, itsasoko ura erabiltzen dutenak; eta barnekaldekoak, ur gazidun iturburuak erabiltzen direlarik.



Ur gazia hedadura lau batzuetara bideratzen da, “granja” deiturikoak, bertan banatzen delarik ura “era”tan.

Itsasoko gatzagatan, normalean, marismak aprobetxatzen diran, marea goian dagoenean “era” horiek betetzea ahalbidetuz.

Barnekoetan, berriz, ez dago beti lurzoru lau bat, horregatik terrazatan jartzea ere egokia izaten da. Beste kasu zailago batzuetan, plataforma horizontal artifizialak ere eraiki izan dira. Ura, iturburuetatik “eretara” eraman behar da edo grabitate edota akuedukto bidez.

Arrozadiak, normalean, baliabide naturaletatik hurbil kokatzen dira, hala nola, erreka, ibai, urtegi...Landaketok, ur kantitate handiak eskatzen dituzte ureztatzeko. Bestalde, ur honek, belar txarrak ez hazteko giro egokia sortuko du. “Uretako bufaloa” da hezegune hauetan bizitzeko prestatua dagoen animalia bakarra, horregatik izaten dira maiz bertan lan egiteko erabiliak. Baina arrozaren ekoizpenak inguruarentzako ondorio txarrak dakartza isurtzen dituen metano kantitate handiengatik.



Lehenengo zerrategietan, zerrak errota bidez mugitzen ziren, horregatik, ura zegoen inguruetan egoten ziren kokatuak.
XX.mendean zerrategi mugikorrak erabiltzen hasi ziren, baina horretarako ur beroketa propiodun sistema bat beharrezkoa zuten (ferrokarrilen antzera).


  Guzti honekin esan nahi dudana da, eraikitzerako orduan ez dela soilik azken itxura begiratu behar gure buruari “ekologiko” hitza jarri eta lan on bat egin dugula pentsatzeko, ez baditugu eraikitzerako orduan ere hainbat gauza kontuan izan; hala nola material horiek ekoiztean sortutako hondakinak, eraikitzerako orduan ateratako kutsadura, eraikina martxan egongo denean izango duen energia gastua... Horregatik, lan honetan interesgarria izan daiteke inguru hurbilera begiratu eta ea zein material ditugun eskuragarri konturatzea. Ez azken itxura “natural” hori lortzeko, baizik eta hain toki “naturala” izanda, guk uste baino produktu gehiago topatuko ditugu eraikitzeko ahal izango ditugunak.